Kontablea naiz eta fakturak ditut lankide bakarrak. Egun osoan bulegoan egon ondoren etxera joaten naiz, Melissa nire zai egongo dela pentsatuz.
Atea ireki bezain laister, niregana aupatzen da, kokotean biribildu, eta hantxe gelditzen zait eroriko, ez eroriko. Hauxe da inolaz ere kendu ezin izan diodan mania bat! Haserretzen naizelakoa egiten dut eta orduan, saltotxo bat egin eta, berriro lurreratzen da emeki-emeki kexatuz. Melissa gaixoa! Jakina, egun guztia bakar-bakarrik nire zai egon bait da eta bihotza zabaltzen zaio ni ikustean!
Kateme ederra da Melissa. Hankak eta muturra txuriak baditu ere, beltz-beltza da gorputzez. Txarolezko katemea dirudi. Ni ezik, ez du inor kateme eder horrek. Nirekiko duen jaierak besteengandik apartatzen du eta katuen munduan, guztiz berezi eta baztertua sentitzen dela uste dut. Horregatik, lanordutik kanpo, bere maitasun itsuari nolabaiteko erantzun bat ematen saiatzen naiz. Batez ere, arratseko ordu hits horietan, bulegotik atera eta iluntzen duenean, katuek sentitzen duten kariño falta hori nabarmena izaten da... Orduan hitzegiten diot, laztandu, elkarri kontu txikiak esanaz egon ohi gara ilunabarreko ordu delikatu horiek igaro arte.
Hala ere, ez ezazue pentsa Melissa mimatzen dudanik. Ez. Ez dut inoiz alperrikako sofa-katu bihurtzea onartu. Ez du inoiz poteko katujanik probatu. Alderantziz, bere grinaren deiari jarraituz eguneroko elikadura lortzera bultzatzen dut. Gauero, lepotik lokarri bat lotu eta kalera ateratzen gara paseatzera, zabor-piloetan hazkatuz, bere jatekoa lor dezan. Zaborretan miatzen, arakatzen ikusten dudanean, badakit basa-bizitza datorkiola burura. Zoriontsua da. Bigotetxoak txukunduz, begirada garbi bat zuzentzen didanean, beretzat garrantzi handiko norbait naizela adierazten dit amultsuki. Eskerroneko katemea bait da Melissa polita...
Gu biok ikustean, jendeak parre egiten duela badakit. Nire lagunak ere, Melissa dela eta, niregandik urrunduz joan dira eta tabernak... hobe tabernetako solasaldietatik urruntzea, honako irain hauek entzutea baino: «Zer moduz Melissa? Noiz ezkontzen zarete?»...
Auzokoen mesprezua eta atezainaren ondotik pasatzen naizeneko irrifar maliziotsuak ez zaizkit jadanik axola. Katuen mundua ulertzen ez duen jendilajea, besterik ez da. Zeren horiek ez dakite, ez dute sekula jakingo, eguna bakar bakarrik pasa ondoren arratseko ordu berezi horietan, katuok zein triste sentitzen garen!
No hay comentarios:
Publicar un comentario