Entzun
Ipuinak gizon-emakumeen bidelagun izan dira beti, denboran eta kulturetan zehar. Ipuinak funtzio eta esanahi ugari izan du, kultura desberdinen arabera: irakasbide, jolasbide, mito... denetik du. Hori dela eta, ipuina era askotara irakur daiteke, sinbologia eta konnotazio asko izaten bait du bere baitan. Hemen herri-ipuin tradizionalez ari gara batipat, horietarikoa bait da hemen eskaintzen duguna.
Aspaldi batean bazen jostun gizarako bat, jende guztiarekin zorretan zegoena. Zorretan zegoen harakinarekin, okinarekin, dendariarekin, berdurazalearekin, botikariarekin, medikuarekin eta zapatariarekin.
Bere lanbidean oso diru gutxi irabazten zuen eta horrekin ez zeukan juxtu-juxtu bizitzeko adina ere. Gero eta erreagoa zegoelarik, behin batean hildakoarena egitea erabaki zuen, horrela auzoko hartzaile guztiek zorrak barkatuko zizkiotelakoan.
Albiste txarra berehala zabaldu zen ahoz aho. Berria jakitean, herriko jendeak asko sentitu zuen eta laster ahaztu ziren denak jostun gizarajoak zor zizkien erreal haietaz. Barkatu ez zuen bakarra herriko zapataria izan zen, oso zikoitza eta burugogorra bait zen.
—Niri erreal bat zor dit eta pagatu beharko dit, hilda badago ere—esan nuen—. Pagatu beharko dit, bai, egiazko Jainko bakarra dagoen bezala pagatu ere.
Garai hartako ohiturari jarraiki, jostunaren adiskideek elizara eraman zuten haren gorpua gau-beilarako, kanposantuan lur emateko ordua iritsi arte. Zapataria joan zen elizara, hurbildu zen jostuna zegoen hilkutxara eta oihuka esan zion:
—Emadazu nire erreala, emadazu nire erreala!
Horretan ari zela, lagun batzu zetozela sumatu zuen eta zapataria konfesonario batean izkutatu zen segituan. Elizara zetozenak lapurrak ziren; beren ibileretan ostutako sosak partitzera zetozen, hain zuzen. Zazpi pilatan jarri zituzten, lagunak baino bat gehiago, zeren lapurrak sei bakarrik bait ziren.
—Zeinentzat da zazpigarren hau?—galdegin zuen batek—.
—Hildakoari urdailean sastakada bat ematen dionarentzat—erantzun zion buruzagiak—.
Hori entzutean, galdera egina zuen lapurrak esan zuen:
—Neuk emango diot.
Hurreratu zen hildakoarengana eta, labana sartzera zihoala, salto handi bat eginez altxatu zen hildakoa eta deiadarka hasi zen:
Hildakoa.—Lagun nazatela hildakoen arimek!
—Hara goaz denok batera!—erantzun zuen zapatariak konfesionarioko izkutalekutik.
Orduan lapurrak, bildurrez ikaratuta, diru-partiketaz ahaztu eta korrika irten ziren elizatik, atzetik norbaitek segitzen dien ostrukak bezala.
Bitartean, zapatariak jostunari:
—Emadazu orain nire erreala, emadazu nire erreala.
Jostunak lapurrek utzitako diru guztia beretzat hartu zuen eta ez zion zapatariari eman nahi. Zapatariak amorru bizian eskatzen zion behin eta berriz:
—Emadazu nire erreala, emadazu nire erreala!
Lapurretako bat, denetan ausartena, bere ihesean gelditu egin zen eta honela esan zien beste lagunei:
—Itxoin pixka bat, itxoin hemen. Ni elizara noa, han zer gertatzen den ikustera.
Halabeharrez, elizara iritsi zenean, zapataria hauxe esaten ari zitzaion jostunari:
—Emadazu nire erreala, emadazu nire erreala!
Orduan lapurra berriro ziztu bizian irten zen ihesi eta lagunengana iritsi zenean, honela esan zien izuaren izuz hitz-totelka:
—Segi, segi dezagun korrika, zeren eta han hildako guztiak diruak partitzen ari bait dira, bakoitzari erreal bana emanez.
1 comentario:
oso ona
Publicar un comentario